XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Auskalo nola ibili ote den lotsagaldu hori munduan barrena esango zuen atso batek emakume-koadrila bat biltzen zen bakoitzean.

- Likiskeria baizik ez dagoen bazterretan.

- Zoko zikinenetan.

Orduan bai gogoratu zela bere amak senargaia lortzeko zekizkien sorginkeriez, baina jakin ez nola egiten ziren.

Berandu iritsi zitzaion damua, eta besterik ezean mutilzaharretan mutilzaharrena hartu zuen senartzat, emakume galdu harekin ez ezkontzeko esango zion ama, arreba edo izebarik ez zuen Benantxio, Benantxio Sudurmotza herrikoek deitzen zutenez.

Ezkontza honetatik jaio zen gure Bittori, amak garai bateko handitasun ametsak oraindik gogoan Victoria Eugenia bataiatutakoa.

Eta Joxepiñek jaiotzean bere aita frantziar haren edertasun guztia bereganatu bazuen, Bittori gaixoak aita Benantxioren itsustasun guztia.

Itsustasun guztia eta batez ere sudurra.

Sudurmotza deitzen zioten Benantxiori eta halaxe deituko zioten bere alabari ere.

Baina ez pentsa benetan sudur txikia zutenik; aitzitik, piper morroa bezain handi eta gorri zuten batak zein besteak, eta hortik zetorkien txantxetako izena.